- Investigación
Fecha de primera publicación:
21/11/2024
El grupo de investigación en Enfermería y Promoción de la Salud de la Universidad del País Vasco ha comparado siete sistemas de etiquetado nutricional de Europa, Oceanía y América del Sur y ha determinado que apenas coinciden a la hora de definir si los alimentos cocinados son saludables. Por lo tanto, las investigadoras concluyen que hace falta desarrollar un nuevo sistema para evaluar la calidad alimentaria de los platos preparados.
Herritarren elikadura-ohituren inguruko kezka gero eta handiagoari erantzuteko, mundu osoko gobernuek nutrizio-etiketatzeko sistemak ezarri dituzte, kontsumitzaileei produktu osasungarriak aukeratzen laguntzeko erosketak egiten dituztenean. UPV/EHUko Erizaintza eta Osasunaren Sustapena ikerketa-taldeak beste urrats bat egitea proposatu du. Ikusita gero eta gehiago jaten dugula etxetik kanpo, planteatu du jatetxeek beren kartetan platerak osasungarriak diren ala ez jakiteko informazioa sartzeko aukera: “Errezetek alergenoak dituzten edo beganoentzat egokiak diren markatzen duten bezala, ondo legoke, gure ustez, adieraztea osasungarriak diren ala ez. Testuinguru horretan, jakin nahi genuen ea produktu prozesatuak ebaluatzeko maila globalean erabiliak diren nutrizio-etiketen sistemetakoren bat baliagarri izan litekeen plater kozinatuak ebaluatzeko. Horretarako, zazpi metodo alderatu ditugu, eta, horien artean hain koherentzia txikia aurkitu dugunez, uste dugu haietako bat ere ez dela egokia gure helbururako” azaldu du Leyre Gravinak, lanaren ikertzaile nagusiak.
Ikerketa berria da; izan ere, orain arte ez zen alderatu etiketek nolako erreproduzigarritasuna duten eta bat datozen maila globalean janari kozinatuari dagokionez. Konparazioa egiteko, Leioako Ostalaritza Eskolan zerbitzatzen diren 178 plater mediterraneo aukeratu dituzte, eta honako etiketatze-sistema hauen bidez aztertu dituzte: Nutri-Score, Erresuma Batuko eta Ekuadorreko semaforoak, Mazocco metodoa, Australiako HSR sistema eta Uruguai eta Txileko ohartarazpen-etiketak. Emaitzek erakusten dute tresna horiek ez datozela bat. Kasu batzuetan aldeak nabarmenagoak dira, baina, oro har, adostasun-maila txikia da. Adibidez, zenbat plater ez-osasungarri detektatzen duten aztertuta, Nutri-Score eta Ekuadorreko sistemek agertzen dute desadostasun handiena. Lehenengo metodoak jotzen du errezeta gehien ez-osasungarritzat (% 38). Bigarrena, berriz, laxoena da, ez baitu errezeta bat ere jotzen ez-osasungarritzat.
Euskal Herriko Unibertsitateko taldeak onartu du aldeak espero zituztela, sistemek ez dituztelako metodologia berberak erabiltzen eta aldagai desberdinak hartzen dituztelako kontuan, baina harritu egin dira aurkitutako inkoherentzia-mailarekin: “Uruguaiko edo Ekuadorreko tresnek osasunerako kaltegarriak diren osagaien edukia baino ez dute hartzen kontuan, hala nola azukre edo gantz ase gehiegi izatea. Eta beste batzuek mantenugai osasungarriak ere hartzen dituzte kontuan, hala nola lekaleak eta zuntzak. Horregatik, bagenuen susmoa emaitza desberdinak eman litzaketela analisiek, baina harago doa kontua, desadostasun nabaria agertzen baita antzeko osagaiak baloratzen dituzten sistemen artean ere” azaldu du Gravinak.
Adibidez, Nutri-Scorek 13 mantenugai aztertzen ditu, eta horietatik 9 dira Australiako HSR sistemak barne hartzen dituen guztiak: kaloriak, azukreak, gantz-azido aseak, zuntzak, frutak, barazkiak, fruitu lehorrak eta proteinak. Hala ere, aztertu beharreko osagai askotan bat datozen arren, ikerketak erakutsi du adostasun moderatua baino ez dagoela bi ebaluazio-tresnen artean. Horren adibide dira postreen analisiaren emaitzak: Nutri-Scorek, % 6 jotzen ditu osasungarritzat; Australiako sistemak, % 25.
Tresna berri bat diseinatu beharra
Lanaren egileen arabera, nutrizio-etiketen arteko bat-etortze txiki horrek adierazten du estrategia konplexuagoak garatu behar direla plater prestatuen elikadura-kalitatea ebaluatzeko. Osasungarria zer den definitzeko orduan adostasunik ez dagoenez, Gravinak proposatzen du testuinguru geografikora egokitzen den metodo bat sortzea: “Oraingoz ez dirudi sistema unibertsal bat eraginkorra izan daitekeenik. Hasteko, komeniko litzateke leku bakoitzeko elikagaiak eta herrialde edo eskualde bakoitzeko sukaldaritza eta errealitate soziokulturala kontuan hartuko dituzten etiketatze-tresnekin hastea”.
Informazio osagarria
Leyre Gravina Leioako Erizaintza Saileko kidea da; bere ikerketa-ildo nagusiek inguruneak osasunean dituen eraginak dituzte ardatz, eta elikadura, jarduera fisikoa eta antzeko esparruak aztertzen ditu. Erizaintza eta Osasunaren Sustapena ikerketa-taldea zuzentzen du, eta eskolak ematen ditu Erizaintzako Graduan eta EHUren berezko titulu batean (Zauri Konplexuak, Kronikoak eta Zikatrizazio Zailekoak dituzten Pertsonen Zaintza Integrala). Halaber, sei doktorego-tesi ere zuzentzen ditu Osasun Publikoa Doktoregoan eta Medikuntza eta Kirurgia Doktoregoan.